TITLE_Sala-Prensa_Noticias-eventos

Berriak eta Gertaerak

Eduki publikatzailea

Volver REPAPEL proiektuak ekonomia zirkularra bultzatzen du euskal papergintza-sektorean

REPAPEL proiektuak ekonomia zirkularra bultzatzen du euskal papergintza-sektorean

18 | 02 | 2022

Proiektuaren helburua da oregintzako eta papergintzako hondakin-korronteetan dauden balio erantsi handiko konposatuak berreskuratzea eta beste industria-sektore batzuetarako lehengai gisa erabiltzea.

Ekonomia Zirkularreko plan berria Europako Itun Berdearen osagai nagusietako bat da. Europako agenda politiko berri horrek hazkunde iraunkorreko eredu baterako trantsizioa planteatzen du, aldi berean Europaren lehiakortasuna handituko duena mundu osoan. Trantsizio hori da 2050erako EBn klima-neutraltasuna lortzeko ezarri dugun asmo handiko helburua betetzeko baldintzetako bat. Plan horrek batik bat baliabideen erabilera intentsiboko sektoreak ditu jomuga, zirkularitate-aukera handiak baitituzte, eta hondakin-sorrera saihestea edo hondakinak kalitatezko eta balio erantsiko bigarren mailako lehengai bihurtzea du helburu.

Testuinguru horretan, papergintza-sektoreak nabarmen laguntzen die jada zirkularitate-helburuei; izan ere, kontsumitutako paper eta kartoiaren % 78 baino gehiago birziklatzen du haien balio-bizitza amaitu ostean, eta, gainera, lehengai berriztagarriak eta karbonoz neutroak baliatzen ditu produkziorako. Hala ere, Europako helburu berriekin bat eginez, papergintza-sektoreak, kimika- eta eraikuntza-sektoreetako beste industria batzuekin batera, bere produkzio-prozesuetan sortutako hondakin-korronteen balorizatze-tasa handitzearen alde egin du; gaur egun, konpostatzearen bidez balorizatzen dira hondakinok, edo zementu- edo zeramika-industrietarako bigarren mailako lehengai gisa. Zero isuri lortzea erronka handia da egungo araudi-esparruan, mugatua baita hondakinen portzentaje bat balorizatzeko gaitasuna; beraz, funtsezkoa da ohiko balorizatze-bideez haragoko aukerak bilatzea Europar Batasuneko lehiakortasun- eta jasangarritasun-helburuak betetzeko.

REPAPEL

REPAPEL proiektuaren helburua da ikerketa industriala eta garapen esperimentala bultzatzea, oregintzako eta papergintzako hondakinen eta azpiproduktuen balio erantsi handiko balorizatze berritzaile bat lortzeko teknologia- eta kudeaketa-soluzioak bilatzeko. Eta balio-kate osoa integratuz egin nahi du hori: oregintzako eta papergintzako fabrikatzaileak, ingeniaritza-enpresak, hondakinak tratatzeko enpresak, eta sektore kimikoko eta eraikuntzako industria eraldatzaileak, guztiak ere aplikazio industrialetarako azpiproduktu balorizagarriak sortzeko aukera ematen duten teknologiak garatzen dituztenak.

Proiektua gauzatzean, zenbait irtenbide bideragarri definituko dira —bideragarriak teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik—, soluzio globalak eskainiko dituztenak hondakinak murrizteko, azpiproduktuak balorizatzeko, prozesuak hobetzeko eta prestazio hobeko produktu jasangarriagoak fabrikatzeko.

REPAPEL proiektuen lau erakusle egingo dira eskala pilotuan, aukera emango dutenak papergintza-sektoreko bost hondakin-korronte eta azpiproduktuak balorizatzeko behar diren teknologia berriak ebaluatzeko: hondakin biodegradagarriak balorizatuz lortutako errautsak; kaustifikazioaren ondoriozko jalkinak eta lohiak; likore beltza; eta zenbait sektoretan efluenteak in situ tratatzearen ondoriozko lohiak. Esate baterako:

  • Papergintzan, hondakin-urak tratatzeko, lohiak egokitzeko eta paperaren fabrikazioan erabil daitezkeen malutatzaileak ekoizten dira.
  • Eraikuntzaren sektorean, hormigoia eta asfaltoa fabrikatzeko bigarren mailako lehengaiak lortzen dira, hala nola errauts karbonatatuak, likore beltzetik lortutako bioaglutinatzaileak, kaustifikazio-prozesuetan lortutako kareharrizko lohiak, eta jalkinak.
  • Uren tratamenduaren sektorean, malutatzaileak ekoizten dira lohietatik edo likore beltza azpiproduktutik ateratako ligninatik, zeinak hondakin-urak tratatzeko eta araztaileetako lohiak egokitzeko erabil baitaitezke.
  • Sektore kimikoan, merkatu-aukera handiak dituen produktu bat formulatzen da: 2,3-butanodiola (2,3-BDO).

REPAPEL hiru urteko (2021-2023) I+Gko proiektu bat da, 4,5 M €-ko aurrekontua duena, eta, SPRIren HAZITEK programaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso duena, proiektu estrategikoen kategorian.

PARTZUERGOA

REPAPEL enpresa-lidergo sendoko proiektua da, sektoreko balio-kate osoa biltzen duena eta estrategia bat-bera duena ekonomia zirkularraren eta bioekonomiaren eremuan. Sektoreko mundu-mailako bi erreferentzia nagusi biltzen ditu: SMURFIT KAPPA Nervión, kraft orearen eta paperaren fabrikatzaile integratua, eta ZUBIALDE, errendimendu handiko paper-orearen fabrikatzailea. Gainera, hainbat sektoretako enpresa liderrak ere hartzen ditu barnean: ingeniaritzakoak (ONDOAN, TSK, EKOTEK); hondakinen tratamendukoak (SADER), asfaltokoak (CAMPEZO eta ASFALTIA); hormigoikoak (P. ETXEBERRIA) eta sektore kimikokoak (FERALCO eta BIOSYNCAUCHO). Halaber, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko bi eragilek ere parte hartzen dute proiektuan (TECNALIA Research & Innovation eta CEIT), eta bi klusterren laguntza ere badu: EUSKADIKO PAPERAREN KLUSTERRA ETA ACLIMA, BASQUE ENVIROMENT CLUSTER

BERRIEN BILATZAILEA

BERRIEN BILATZAILEA

Noiztik

Noiz arte