TITLE_Sala-Prensa_Noticias-eventos

Berriak eta Gertaerak

Eduki publikatzailea

Volver Elhuyar, berrogeita hamar urte zientzia eta teknologia euskaraz sustatzen

Elhuyar, berrogeita hamar urte zientzia eta teknologia euskaraz sustatzen


ArgazkiaElhuyar/Logo Elhuyar 50 urte

10 | 02 | 2022

  • ●    Ceit-ek 1972az geroztik euskararen erabilera esparru zientifiko-teknologikoan bultzatzen duen Elhuyar Fundazioaren 50. urteurreneko ospakizunekin bat egin du.
  • ●    Zentro teknologikoko gaur egungo lehendakari exekutiboa, José María Rodríguez Ibabe, gaur egun Elhuyar den fundazioan parte hartu zuen euskaltzaleetako bat izan zen eta lehen lehendakaria, 2002tik 2012ra.

Zientzia eta euskara bateratzea. Helburu horrekin sortu zen orain dela berrogeita hamar urte Elhuyar Fundazioa, zientziaren eta teknologiaren arloan euskararen erabilera sustatzen duen erakundea, eta aurten mende erdia beteko du euskarazko zientzia-lana sustatzen.

Ceit zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, bat egin du erakundearen urteurrenarekin, Elhuyarrek hasiera-hasieratik lagundu duen zentro teknologikoetako bat baita. Hain zuzen, Ceit-en egungo lehendakari exekutiboa, José María Rodríguez Ibabe, euskaltzale -kultura eta hizkuntza zalea- izan zen gaur egun Elhuyar denaren oinarriak ezarri zituenetako bat eta lehen lehendakaria, 2002 eta 2012 bitartean.

Erakundea 1972an sortu zen, Donostiako Ingeniaritzako Goi Eskolako euskaltzale batzuk larunbatero San Ignazio Jesuiten Zirkuluan biltzen hasi zirenean, Donostiako San Martzial kalean. Ibabek, Ceit-eko egungo lehendakari exekutiboak eta bilera haietako parte-hartzaileetako batek gogorarazi duenez, “bilera horien hasierako helburua gaztelaniaz ikasitako ingeniaritzarekin zerikusia duten hainbat gai euskaraz lantzea zen”.

Bilera horiek 15 urtez baino gehiagoz egin ziren, taldearen lana banatzeko: itzulpenak, aldizkari zientifikoetarako artikuluen enkarguak eta liburu teknikoak. Laurogeiko hamarkadatik aurrera, erakunde publikoen bultzadari esker, besteak beste, profesionalizatuz joan zen erakundea, eta 2002an kultura-elkarte izatetik irabazi-asmorik gabeko fundazio pribatu izatera pasatu zen, gaur egun 100 pertsona inguruko giza taldea duena.

Ordutik, Elhuyar Fundazioak hizkuntza-zerbitzuak, adimen artifiziala, hizkuntza-teknologiak eta gizarte-aholkularitza eskaintzen ditu, eta lan zientifikoak euskaraz garatzen ditu, euskaratik gizarte aktibo, kritiko eta berdintasunezkoa eraikitzeko helburuarekin, teknologia eta ezagutza erabiliz eta zientzia hizkuntza horretan zabalduz.

Beste 50 urtez

Berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko, fundazioak hainbat jarduera jarri ditu abian aurten, “Elhuyar, 50 urte geroago” lelopean. Horien artean daude, besteak beste, gizarte- eta lan-arloan euskara sustatzeko ekimenak, adimen artifizialaren erronkei aurre egitea, itzulpenaren eta teknologiaren arteko lotura, eta UEU eta EHUren udako ikastaroetan parte hartzea.

Ekitaldi nagusia azaroan izango da eta, orain arte xehetasun gehiagorik eman ez den arren, jai-ikuskizuna izango da kide, bazkide, babesle eta laguntzaileentzat.

Ez ezazu galdu Elhuyarrek bere 50. urteurrena dela eta prestatu duen bideoa.

BERRIEN BILATZAILEA

BERRIEN BILATZAILEA

Noiztik

Noiz arte