TITLE_Sala-Prensa_Noticias-eventos

Berriak eta Gertaerak

Eduki publikatzailea

Volver noticia_CEIT_2021_09_06_HIVOMOT

Hegazkin komertzialen isurpenak murrizteko motor elektriko berria


ArgazkiaCEIT/

09 | 06 | 2021

  • Ceit zentro teknologikoa buru duen HIVOMOT europar proiektuaren bidez, hegazkin komertzialen berotegi efektuko gasen isurpenak murriztuko dituen motor elektrikoaren prototipoa garatuko da.
     
  • Proiektuaren barruan, egungo turbinak baino txikiagoa eta arinagoa den motor elektriko esperimentala diseinatuko da, 50 bidaiari baino gehiago garraiatzen dituen aireontzi baten prestazioei eutsiz.
     
  • Ekimena urte hasieran abiatu zen eta interes handia eragin du dagoeneko Europako industria aeronautikoko eragile nagusien artean.

 

Hegazkin bidezko garraioa da azken urteotan gehien hazi den berotegi-efektuko gasen iturrietako bat. Europako Parlamentuaren datuen arabera, 1990etik 2017ra bitartean, horren isurpenak % 128,7 igo dira eta dagoeneko isurpen guztien % 3,42 dira, batez ere nazioarteko merkataritzan izandako gorakada handiaren ondorioz.

Inpaktu hori arintzeko, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) delakoari atxikitako Ceit ikerketa-zentroa buru duen enpresa-partzuergo batek, aeronautika arloko propultsiorako prototipo esperimentala diseinatzea xede duen HIVOMOT (HIgh power and VOltage operation of electric MOTors in aeronautics) asmo handiko europar proiektua garatzen dihardu.

Proiektuaren helburua, Marco Satrustegi Ceiteko Garraio eta Energiaren Dibisioko ikertzailearen esanetan, “egungo turbinak baino txikiagoa eta arinagoa den motor elektriko esperimentala garatzea da, material supereroaleetan oinarritutako High Temperature Superconducting (HTS) teknologiaren bitartez, baina 50 bidaiari baino gehiago garraiatzen dituzten hegazkin komertzialetako gas-turbinen prestazioei eutsiz”.

Egun, zenbait aireontzi elektriko dabiltza joan-etorrian, baina egungo teknologia erabiltzen duten tamaina txikiko aparatuak dira, potentzia txikiagoa behar dutenak. Orain arte, hiri-garraioko ibilgailuetan, sorkuntza eolikoan, industrian eta bestelako arloetan erabili diren motor elektrikoek errotorean kokatutako neodimio-imanen sistema bat dute oinarri, baina teknologia hau, Ceiteko ikertzaileak azaldu duenez, gaitasunen “muga-mugan” dago eta errendimendu handiagoa eskainiko duten soluzioak behar ditu.

 

Arintasun eta potentzia handiagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa

Oraingo sistemaren alternatiba gisa, Ceit buru duen partzuergoak HTS teknologia erabiliko du pisu txikiagoarekin propultsio-potentzia handiagoa lortzeko, gas-turbinen antzeko prestazioak eskainiz. Zehazkiago esanda, helburua 3.000 rpm-ko biraketa-abiadura eta 2 MWeko potentzia lortzea da, hau da, ibilgailu elektriko batek behar duena baino 20 aldiz handiagoa.

Hala ere, modu eraginkorrean jarduteko, teknologia horrek hozte-baldintza zorrotz-zorrotzak behar ditu, minus 200 gradukoak, horixe baita material supereroaleen potentzial osoa ustiatu eta galerak saihesteko behar den tenperatura-mailan. Ondorioz, hozteko gaitasun handiagoa lortu eta motor berrian txertatzea da lantalde honek esku artean darabiltzan erronketako bat, izan ere, motor berriaren tamaina eta pisua propultsio-gailu konbentzionalena baino txikiagoak izango dira.

Gainera, prototipo berriak isolamendu elektrikoaren altitudeko errendimenduarekin lotutako beste erronka bat gainditu beharko du. Marco Satrustegik argitu duenez, “altitudea handitu ahala, airearen propietateak aldatu eta txarrera egiten dute motorraren zati estatikoaren isolamenduak ziurtatzeko baldintzek”. Horren eraginez, nahitaezkoa da isolamendu horiek sendotzeko soluzioren bat aurkitzea, lur gainean erabiltzen diren elementuek baino gaitasun handiagoak eskaintzen dituzten elementuen bitartez.

Hori guztia lortzeko, zentroko Garraio eta Energiaren Dibisioak laborategiko proba jakin batzuk egitea aurreikusi du, egungo isolamendu-teknologiei zenbait saiakuntza eginez, altitudeko baldintzetan eta kamera klimatikoen laguntzaz, horien erantzuna egiaztatu ahal izateko. Emaitza horietan oinarrituta, ikertzaileek altuerako portaera aurreikusi eta motor berrirako isolamendu egokia diseinatzeko beharrezkoa den informazioa lortzea espero dute.

Ceit buru duen proiektuak Antec Magnets, Suprasys eta Alconza Berango enpresak ere ditu partaide, merkataritzako zein bidaiarien garraiorako hegazkinen ingurumen-errendimendua hobetzeko teknologia berriak garatzea helburu duen Clean Sky 2 europar programaren barruan. Ceitek 25 urtetik gorako eskarmentua du sektore honetan, era askotako makina elektrikoen diseinu eta fabrikazioan parte hartu baitu garraiorako, energiarako zein jasotzeko makinen sektorerako, besteak beste.

Gas-turbinen ordez motor elektrikoak erabiltzeari buruz hainbat azterlan egin diren arren, horietako gehienak erabat teorikoak eta “akademikoak” dira, Satrustegiren iritziz, eta horien aldean, HIVOMOT proiektuak “beste aurrerapauso bat eman eta aplikaziora bideratzeko aukera erraztuko du.

HIVOMOT proiektuaren garapenak “interes bizia” eragin du Europako industria aeronautikoko eragile nagusien artean. Marko Satrustegik adierazi duenez, Europar Batasunaren eskariz sortutako proiektuaren aholku-batzordea Airbus, ITP (RollsRoyceren filiala), Indra, Safran eta Egile enpresen ordezkariek osatzen dute. “Guzti-guztiek ezagutu nahi dituzte egiten ditugun aurrerapenak eta, aldi berean, feedbacka ematen digute motorrak bete beharreko eskakizun eta baldintzei buruz, errendimendua, garapenen bideragarritasuna eta abar hobetzeko”, esan du.

HIVOMOT proiektua 2021aren hasieran abiatu eta 2023ko ekainera arte garatuko da, eta Europar Batasuneko funtsen laguntza jaso du, Horizonte 2020 programaren barruan.

BERRIEN BILATZAILEA

BERRIEN BILATZAILEA

Noiztik

Noiz arte