2020/02/19

Energia sortzeko sistema berriztagarri eta aldizkakoak informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin, Internetekin, sentsoreekin eta kontrol-sistema automatikoekin uztartu nahi dira proiektu honen bitartez

 Ambience web

AmBIENCe proiektuarekin EPC kontzeptua (Energy Performance Contracting edo Energia Eraginkorrerako Kontratua) are gehiago hedatu nahi da, kudeatutako eraikinetan modu aktibo eta malguan aplikatuz. Izan ere, eraikin baten eta enpresa espezializatu baten arteko kontratuan oinarritzen baita EPC, energiaren eraginkortasunerako tresnak eta soluzioak instalatzeko, eta aurreztutako energiaren arabera ordainduko da.

AmBIENCe proiektuarekin negozio-kontzeptu eta eredu berriak sortuko dira, eraginkortasuna areagotuko dutenak, zerbitzu hauek eraikin-mota askotara (edota eraikin-multzoetara) aplikatu ahal izateko. Horretarako, ohiko eraginkortasun energetikoko neurriak eta gailuen kontrol aktiboak eskaintzen duen aurreztea uztartuko dira, hartara, eraikinen erabilerak berezkoa duen malgutasuna erabiltzeaz gain, erosotasun eta segurtasun irizpideak ezartzea ere ahalbidetzeko. Energiaren eskariari erantzuteko modua ere malgua izango da, eta energia sortzeko sistema berriztagarri nahiz aldizkakoak instalatzeko aukera emango du. Energiaren prezio-sistema aldakorra izango denez, eskariaren kudeaketa berri honekin faktura elektrikoaren kostuak murriztuko dira.

Eraikin horiek dagoeneko ez dira eraikin pasibo izango, eta datuak denbora errealean erabiltzea eskatuko du, sistema adimendunekin; hortaz, esparru teknologikoan aurrerakadak egin beharko dira, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologietan, Interneten, sentsoreetan eta kontrol automatikorako sistemetan ere. Horrekin guztiarekin kontsumitzaileek galerak eta kostuak murriztu ahal izango dituzte, instalazioetan bertan sortutako energia berriztagarrien erabilera maximizatu, eta sarerako nahiz merkatuko enpresetarako zerbitzuak eskaini. Modu berean, Europar Batzordeak zehaztuta dituen helburu klimatikoak betetzen lagunduko dute, karbonoaren isurketak murriztuz.

Teknologia eta negozio-kontzeptu berri hauek egiaztatzeko bi proba pilotu egingo dira, bat Portugalen eta bestea Belgikan. Ceit eta Tekniker zentroek Portugalen egiaztatuko dute, eta soluzio-mota hauek Espainian aplikatu ahal izateko aukera eta oztopoen analisia egingo dute AmBIENCe proiektuarentzako: bestelako eraikin edota eraikin-multzoetan garatutako sistemak errepika daitezkeen ikusi, eta energia berriztagarriak sortzeko gailuen tresna igarleak garatuko dituzte, eskariaren kudeaketa aktiboa egin ahal izateari begira.

Europako Batzordeak diruz lagundutako proiektua da AmBIENCe (http://ambience-project.eu/), eta 30 hilabeteko iraupena aurreikusi da. Ceit eta Tekniker euskal zentroez gain VITO NV, BPIE, EDP CNET, Energinvest eta INESC TEC zentro teknologikoek ere hartzen dute parte.

Pasa den otsailaren 4 eta 5ean proiektu europar hau jorratzeko bilkura izan zuten Ceit eta Tekniker zentroek.

Erlazionatutako informazioa