2019/10/29

Uneoro medikuarekin konektatuta egongo denez, iktus kasuetan galtzen den mugikortasuna berreskuratzea erraztuko du

 HomerahabWeb

Espainiako Iktusaren Aurkako Federazioak dioskunez, sei pertsonatik batek jasaten du iktusa. Pazienteek ez ezik, senitartekoek ere sufritzen duten gaixotasuna da, birgaitzearen fasean bereziki, une horietan egiten baita lan iktusa jasan duen pertsonari eragindako minusbaliotasunak murrizten eta pertsona horiek modurik egokienean gizarteratzen. Prozesu hori dena errazago egin nahi da HOMEREHAB proiektuaren bidez.

Ceit-IK4 zentroak, Elxeko Unibertsitateko Neuroingeniaritza Biomedikoa taldeko adituekin batera, garatu duen robotak goiko gorputz-adarrak (besoak eta sorbaldak) birgaitzea ahalbidetuko die iktusa jasan duten pazienteei, etxetik atera behar izan gabe, baina langile koalifikatuen eguneroko jarraipena dutela.
Mota honetako birgaitzeetako ariketa terapeutikoak errutinazkoak izan ordez, ariketa birtual atseginetan bilakatuko dira, norberaren arabera zailtasunean eta behar den mugimenduetara egokituta. Diseinatu den robotaren laguntzarekin gainditu beharko ditu erronkak paziente bakoitzak. Birgaitzearen fase guztietan pazienteari laguntzeko moduan garatu da sistema. Hasiera batean, iktusaren ondorioz burutu ezin dituen mugimenduak egiten lagunduko dio robotak, beharrezkoa den indarra aplikatuz, eta horrela, ariketak egiteko espezialistarengana bertaratzea ekidinez. Bigarren fasean, pazienteak galdutako gaitasun motorraren zati bat berreskuratua duelarik, robotak pazientearen mugimenduei aurre egingo die, giharrak indartzeko asmoz.

Mediku espezialistarentzat diseinatutako telebirgaitze interfazeari esker joko pertsonalizatuetarako errutinak esleitu ahal dira saretik, eta pazienteak ariketa bakoitzean izan duen portaeraren berri zehatza jasoko du bueltan, robotak hainbat parametro neurtuko baititu: abiadura, mugimenduak, eta baita pazientearen egoera fisiologikoa bera ere.

Metodo tradizionalei asko laguntzen diete teknologia berriek, mota honetako gaixotasunak jasaten dituztenen bizi-kalitatea hobetu nahi bada. Aurrerakada honi esker, paziente eta senitartekoei egunero birgaitze-zentro espezializatura joan behar izatea ekidingo die, baina gainera, pazienteak egiten dituen aurrerapausoak monitorizatuko direnez, birgaitzea eraginkorragoa izango da.

Erlazionatutako informazioa