2019/07/22

Biriketako minbiziaren diagnostikorako sistemak iraultzera datorren proiektua da INDICATE

 IndicateWeb

Biriketako minbiziaren diagnostikorako sistemak iraultzera datorren proiektua da INDICATE (IN vitro DIagnostic CAncer Test). Biodonostia, Ceit-IK4, CIC biomaGUNE eta DIPC erakundeetako ikertzaileek garatzen ari diren gailuari esker, erabiltzaileak unean bertan jakin ahal izango du, modu pribatu eta indibidualean, biriketako minbizia duen ala ez. Patologia hori da, hain zuzen ere, mundu mailan heriotza gehien eragiten dituena (1,76 milioi heriotza 2018an). Hala, iaz Espainian 23.000 pertsona hil ziren biriketako minbiziaz, horietako %82a gizonezkoak.

Biodonostia erakundetik onkologia arloko zuzendari, Ikerbasque erakundeko irakasle-ikertzailea eta Indicate Solutions erakundeko (teknologia hau merkaturatzeko sortu zen spin-off-a) CEO Charles Lawrie-k gidatzen duen proiektuak diagnostiko aurreraturako plataforma garatu du, eta laster merkaturatuko dela uste da. Lawrie irakaslearekin batera, proiektu honetan parte-hartzaile hauek daude, besteak beste: Sergio Arana, Ceit-IK4 zentroko ikertzaile nagusiena; Marek Grzelczak, DIPC erakundeko ikertzaile nagusia; eta Luis Liz-Marzan, CIC biomaGUNE erakundeko zientzialari-zuzendaria.

Diziplina anitzeko lan-taldeak diagnostikoen sektorean metodo azkar eta eraginkorra eskainiz iraultza eragingo duen prototipoa garatzeko hastapenetan dihardu buru-belarri. Eta, hala, proiektu honi esker, proba egin den egun berberean jasoko da minbiziaren diagnostikoa eta tratamenduaren monitorizazioa, eta ez, orain arte bezala, hilabete bete beranduago. Horrekin, tratamenduari berehala heldu ahal izango zaio, diagnostikatu den minbiziari aurre egiten hasteko, eta, aldi berean, eritasunak tratamenduaren aurrean duen erreakzioa monitorizatu ahal izango da. Emaitzarik ez izatekotan, beraz, tratamendua egokitzeko aukera eskainiko du.

Eusko Jaurlaritzak eta Carlos III. Osasun Institutuak eskainitako finantzaketari esker gailuaren atzean dagoen teknologia nagusia balizkoa dela frogatu ahal izan da proiektuarekin, eta laborategirako prototipoa muntatu ahal izan da. Gaur egun sustatzaileak diru-funts gehiago bila dabiltza, publiko nahiz pribatuak, ideia ustiatu eta hurrengo faseari ekin ahal izateko: merkaturatuko den gailuaren garapenari ekiteko.

Erlazionatutako informazioa