2019/05/22

Ingurumeneko Departamentuak eta Ceit-IK4 zentroak hitzarmena sinatu dute mikroalgak erabiltzeko prozesuaren teknologiak ikertzen jarraitzeko, azpiproduktuen ustiaketa egitea ahalbidetzen baitute, negutegi efektuko gasak (NEG) igortzea gutxitzen duten heinean, zehazki CO2 isurketei dagokionez

 DFG Aguas web

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, eta José Ignacio Terrés Ceit-IK4 zentroko gerenteak hitzarmena sinatu dute, Ceit-IK4 zentroak mikroalgen alorrean egindako ikerketan aurrera egiten laguntzeko, zehazki, uren tratamendurako mikroalgak erabiltzeko ikerketan laguntzeko. Ceit-IK4 zentroko Ura eta Hondakinak taldeko ikertzaileek fotobioerreaktoreetan oinarritutako teknologiaren oinarriak ezarriko dituzte. Akuikulturako hondakin-urak garbitzeko gaitasuna eskaintzen du teknologia horrek, eta, garbitutako ura, esparru ezberdinetan berrerabili ahal izango da.

Mikroalgek eguzkiaren argia erabiltzen dute energia iturri gisa eta CO2 gasa karbono-iturri inorganiko gisa, mantenugaiak kontsumituz eta oxigenoa sortuz. Beraz, haien bitartez, ur-hondakinak garbitzea lor daiteke kutsadura maila gutxituz eta ingurumenean sortzen duten eragina murriztuz.

José Ignacio Asensio foru arduradunak azaldu duenez, bere Departamentuak aurrera egin nahi du ingurumena hobetzeko bidean, ekonomia zirkularra sustatzeko ahaleginean eta klima aldaketa arintzeko eta egoera horretara egokitzeko neurriak bultzatzeko prozesuan. “Modu horretan, helburuak barne hartzen du mikroalgen esparruan ikerketak egiteko bultzada ematea, izan ditzakeen aplikazioak balioetsi eta Ekonomia Zirkularrean laguntzeaz gain, CO2 isurketak gutxitzeko aukera eman dezan. Eta horregatik, azpiproduktuak sortu eta karbono dioxidoaren isurketak murriztea ekarriko duten mikloalgei buruzko teknologiak ikertzea aukera bikaina litzateke”, adierazi du Asensiok.

Zentzu horretan, 2018ko hitzarmenari jarraiki, orain arte bideragarria izan den entseguetarako plataforma esperimentala sortzea sustatu zen, eta horri esker, informazio eskerga lortu da. Ikerketa zentro horrek berak plataforma proban jarri nahi du, egoera errealetara asko hurbilduko den eszenarioan, akuikulturako sistemen uretan duen funtzionamendua optimizatzeko. Ikerketa etapa berri horren baitqan beste hainbat ekintza burutuko dira, hala nola, biomasa hazten laguntzeko euskarri plastikoen erabilera baloratzea, xede bererako CO2 gasa erabiltzea, mintz bidezko iragazketa eta algen biomasaren balorizazioa egitea. Mikroalgen ekoizpena ahalik eta hobekien kontrolatzeko, ezinbestekoa izango da prozesuaren jarraipena egiteko lan-taldea hobetzea.

Sinatutako hitzarmenarekin, proiektu interesgarri honen oinarriak ezarri dira, izan ere, teknologiaren funtzionamendua optimizatu ahal izateko, egoera errealetara asko hurbilduko den eszenarioan lan egiteko plataforma esperimentala sortzea ekarriko baitu

Erlazionatutako informazioa