2019/05/16

Etorkizuneko hegazkinaren oinarriak ezarriko dituen Clean Sky programa europarrekoak diren hamar proiektu garatzen dira Gipuzkoako ikerketa-zentroan

 AeronauticaWeb

Industria aeronautikoak dituen kalitate- eta segurtasun-estandar altuen erronka gainditu dute Ceit-IK4 zentroko ikertzaile-taldeek. Gainera, hainbat proiektu europarretan dihardute lanean, Airbus, Indra edota Rolls Royce enpresekin batera, eta beste hainbat ikerkuntza-zentro (Hanburgo eta Coventryko Aeronautika aplikatukoak, adibidez) eta unibertsitaterekin (Birmingham, Nottingham, UPV-EHU...) batera.

Ceit-IK4 zentroko ikertzaileek burutu dituzten edo ikertzen jarraitzen duten proiektuak Clean Sky (eta honen jarraipena izan den Clean Sky2) esparru europarrean kokatutakoak dira. Ekimen horiekin XXI.
mendean Europako aeronautikaren arloan berrikuntza-ardatzak zehazten eta finkatzen ari dira. Ceit-IK4 zentroak ekimen hauetan parte hartzearekin 3 milioi euro baino gehiago inbertitu dira Euskadin, honako proiektuen bitartez: Rolls Royce enpresaren belaunaldi berriko motorretako turbinen armazoiaren fabrikazioa -nikela oinarri duten hauts metalikoak erabiliz eta prentsaketa bero isostatikoa aplikatuz-, lur-hartzeko sistema elektriko aurreratua, airea berriztatzeko sistema eraginkorragoak, gizakia/robota lankidetza ardatz duten motorretako muntaketa-lanak...

Proiektu horiek agerian uzten dute Ceit-IK4 zentroko lan-taldeen espezializazio-maila altua: hauts metalikoak erabiliz piezen produkzioa hobetzen dutenena; hegazkinetako hegaldi-baldintza errealak aireratu gabe proba-bankuetan erreproduzitzen dituztenena; lur-hartzeko mekanismoa, airearen berriztapena, edo aireontzietako akats mekanikoak aurreikusten dituzten sentsoreak berrituz hegazkin elektrikoa lortzeko bidea zehazten ari direnena.

Ceit-IK4 zentroak aeronautika garatzeko egin duen apustuarekin nabarmena da zentroaren maila altua dela, eta halaxe ziurtatzen dute, gainera, Europako erakundeek, sektoreko industriak eta kalitate handiko hornitzaileek. Izan ere, hegazkinen fabrikazioak eskatzen dituen kalitate-estandarrak gainditzeko gai izan baitira.

Erlazionatutako informazioa