2019/05/03

Nokia, STmicroelectronics eta Italia, Finlandia eta Frantziko zentroak hartzen dute parte ikerketan

 DREAMweb

Gure gailuek erabiltzen dituzten haririk gabeko komunikazioen abiadura biziki hazi da azken boladan. Erabiltzaileen gailuetako trafikoak etengabe gora egin duenez, operadoreei erronka berriak sortzen zaizkie, bereziki, erabiltzaileek sortutako trafikoa garraiatuko duten haririk gabeko sareen azpiegiturei dagokienez. 5G konexiotik haratago doazen sare zelularrek gainditu beharko duten erronka nagusienetako bat, datuen hazkunde izugarri horri erantzun ahal izango dion sare-azpiegitura osatzea izango da.

Orain arte, haririk gabeko komunikazioen abiadura, aurreko lau-urtekokoa baino hamar aldiz handiagoa izaten zen. Etorkizunera begira estrapolatuko bagenu, baina, 2020. urtearen inguruan haririk gabeko komunikazioen abiadurak 100Gbit/s ingurukoa izan beharko luke. Halaber, gaur egun ez dugu 5G estandarretik haratago doazen komunikazioekin bateragarria den teknologiarik.
Horregatik, datuen abiadura altuko elkartrukea bermatuko duten haririk gabeko komunikazio-teknologia aurreratuen garapenean dihardute Gipuzkoako Ceit-IK4 zentro teknologikoko ingeniariak, etorkizuneko sare zelularrek beharko dituzten edukierei erantzun nahian, eta 5G estandarra gaindituz.

Enpresa nahiz herritarren artean guztiz onartutzat jotzen da telekomunikazio-ahalmen gutxieneko baten beharra badagoela, etengabe gora baitoa abiadura eta banda-zabalera handiagoen eskakizuna. Eskakizun hori betetzea bereziki zaila egiten da hiriguneetan, gailuen dentsitatea oso altua den kasuetan. Dentsitate altuko hirigune horien kasuari heltzean, sare-arkitektura berriak sortzearen beharra agerikoa da. Eta sare-arkitektura berri horiek garatu ahal izateko, gaur egungo haririk gabeko informazio-trukerako lotuneen abiadura gaindituko duten soluzioak sortzea beharrezkoa izango da, zuntz optikoko sistemen antzeko abiadurak izatera iritsi nahi bada.

Goian aipatu diren erronka horiek guztiak garatuko dituen proiektuari DREAM izena eman zaio, eta EBko Horizonte 2020 estrategian kokatu da. Proiektu honetan lanean ari dira, Ceit-IK4 zentroarekin batera: Nokia (Italia), STmicroelectronics (Italia) eta Erzia Technologies (Espainia) enpresak; eta VTT Technical Research Centre (Finlandia), eta III-V Lab (Frantzia) ikerketa-zentroak; nahiz Paviako Unibertsitatea (Italia).

Erlazionatutako informazioa