2017/04/10

Bi autobusek daramate Donostian barrena NONVIS sistema

 NONVIS

Etorkizuneko autobusaren diseinua helburu duen EBSF 2 (European Bus System of the Future 2) proiektu europarraren baitan, Ceit-IK4 zentroak proiektu pilotua abiatu du eta Dbus konpainiako hainbat ibilgailutan probatuko dute hiru hilabetez. NONVIS sistema, ibilgailuak modu eraginkorrean gidatzen laguntzen duen sistema berria da. Ibilgailuaren gidariarekin komunikatzeko gailu haptikoa erabiltzen du, hau da, gidariari seinale sentsorialak bidaltzen dizkion mekanismoa da, modu eraginkorrean gidatzen ari den ala ez aditzera ematen diona.

Gaur egun gidariak modu eraginkorrean gidatzen duen ala ez jakinarazteko, Dbus konpainiak tabletak erabiltzen ditu. Dbus eta DATIK —IRIZAR taldekoa— enpresekin batera Ceit-IK4 zentro teknologikoak garatu duen NONVIS sistemari esker, gidariak bibrazio arin bat sumatuko du aulkian modu eraginkorrean gidatzen ari ez bada, eta soinuzko seinalea entzungo du modu eraginkorra bada. Horrela, gidatzen ari den bitartean arreta-galtzeak murriztea ahalbidetuko da.

Europako EBSF 2 proiektuan 42 bazkidek hartu dute parte eta 12 hiritan egingo dira proba pilotuak: Donostian, Parisen, Londresen, Lyonen, Bartzelonan, Helsinkin, Madrilen, Dresdenen, Ravennan, Göteborgen eta Stuttgarten. Europako Batzordeak Horizon 2020 programaren baitan diruz lagundutako proiektu berritzailea da, eta autobus bidezko garraio publikoaren eraginkortasuna nahiz erakargarritasuna hobetzea du helburu nagusia, etorkizuneko beharrei erantzungo dien autobusen belaunaldi berriaren diseinuarekin.

Donostian proiektua hiru ardatzetan banatuko da, eta horietako bat da NONVIS sistema. Horretaz gain, beste bi berrikuntza teknologiko ere lantzen ari dira: tailerretan autobusen mantentze-lanak optimizatuko dituen gailu adimendunaren garapena batetik, eta mugikortasun murriztua duten bidaiarien erabilerraztasuna hobetuko duten autobus elektriko berrien diseinua bestetik.

Hiru hilabetez autobusen kontsumoaren eta NONVIS sistemak gidariari igortzen dizkion mezuen datuak bilduko dira. Emaitza horiek Erromak La Sapienza Unibertsitatean aztertuko dira. Gainera, Dbus konpainiako gidarien artean asebetetze-inkesta burutuko da, sistemaren erabilgarritasunari eta baliagarritasunari buruzko iritziak jasotzeko.

Información Relacionada

Enlace