2017/03/29

Ceit-IK4 zentroaren koordinaziopean abian jarri da NEOHIRE proiektua

 NEOHIRE

NEOHIRE proiektua Europak 2050. urtera arte kontsumo elektrikoan dituen beharrak hornitzeko testuinguruan sortu da. Gaur egungo energia-iturri nagusien ordez elektrizitatea erabiltzeari esker kutsadura gutxiago izango duen mundua aurreikusi denez, gure beharrak modu seguru eta eraginkorrean aseko duen sistema elektrikoa planteatzea ezinbestekotzat jo da. Zentzu horretan, 2020. urterako kontsumitzen dugun energiaren %20 jatorri eolikoa izatea espero da.

NEOHIRE proiektuaren helburua, turbina eolikoetako sorgailuetan erabiltzen diren iman iraunkorren fabrikazioan lur arraroen(1) erabilera murriztea da. NEOHIRE proiektua ‘Horizon 2020’ programa europarraren baitan kokatuta dago eta berau burutzeko 4 milioi euro baino gehiago eskaini zaizkio.

6 herrialde ezberdinetako 10 erakundez osatutako proiektu honen koordinatzailea Ceit-IK4 zentroa da, eta Japoniaren lankidetza estrategikoa ere lagun du. Ceit-IK4 zentroko ikertzaile Manuel Martín (Hautsen Metalurgia taldeko kidea) izango da proiektuaren koordinatzailea eta hauts magnetikoaren ekoizpenerako eta karakterizaziorako arduraduna; eta Miguel Martínez-Iturralde (Ibilgailu Elektrikoen eta Sare Hedatuen taldeko kidea), berriz, turbina eolikoaren sorgailuaren eskala osoko zati aktiboen diseinuko arduraduna izango da.

(1)Lur arraroen izena antzeko propietateak dituzten 17 elementu kimikoren taldeari dagokio, eta besteak beste eskandioa, itrioa eta lantanidoak hartzen ditu. Azken horien arteko lau elementuk (neodimioak, praseodimioak, disprosioak eta terbioak) parte hartzen dute gaur egun existitzen diren iman indartsuenen konposizioan, hau da, neodimio-burdin-boro (NdFeB) imanen konposizioan. Osaera horren aldaeren bitartez azken erabileraren araberako propietateak dituzten imanak sortzen dira. Aplikazio hauetarako elementu kritikoak dira, ezin baitira ordeztu; eta elementu horien erauzketa ia osoa Txinan gertatzen da. NdFeB imanek aplikazio anitz dituzte: “industria berdean” (auto elektrikoak, hibridoak, turbinak, etab.), disko gogorren irakurgailuetako buruetan, bozgorailuetan, entzungailuetan, etab.

Información Relacionada

Enlace