2016/11/24

Neurketak modu suntsigarrian egitea eragozten duen sistema robotizatua aurkeztu zuen Kursaalen

 Basque Industry40

Donostiako Kursaal auditorioaren areto nagusian burutu zen Basque Industry 4.0 jardunaldian parte hartu zuen Ceit-IK4 zentroak, eta aipatu sistema robotizatua erakutsi zuen. Erakutsitako sistemarekin, propietate mekanikoak (gogortasuna, muga elastikoa edo trakzioarekiko erresistentzia modukoak) modu suntsigarrian egin gabe neurtzea ahalbidetzen da, eta horrekin, fabrikatutako piezen kalitatea %100ean bermatuko da.

Jardunaldian zehar bertaratu ziren askok ikusi ahal izan zuten in situ robotaren funtzionamendua, besteak beste Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako kontseilariak.

Erakutsi zen robotak Ceit-IK4 zentroak garatutako sentsorea darabil ezaugarriok neurtzeko, aurrez hainbat euskal enpresetan instalatutakoa, eta materialaren propietate magnetikoak denbora errealean neurtzeko gai da. Neurriak hartutakoan, web interfazearen bidez informazioa azkar bistaratu ahal da, eta enpresaren MESean zuzenean integratzeko aukera eskaintzen du.

Datu historikoen analisia denbora errealean egin daitekeenez, propietateen degradazioan dauden joerak detekta daitezke produkzio-lerroko tresnetan okerreko funtzionamenduak aurreikusteko. Honela mantentze-lanen gastuak murriztu daitezke, zero defect manufacturing delakora hurbiltzeko, hau da, akatsekin fabrikatutako piezak detektatzeaz gain, akatsak dituzten piezak fabrikatzea ekidingo da, eta ez dira baztertu beharko.

Ceit-IK4 zentroaren diziplina aniztasunari esker sortu ahal izan da erakusle hau, izan ere, beronen garapenean robotikan, monitorizazio industrialean, entsegu ez suntsigarrietan eta datuen analisian adituak diren ikertzaileek hartu baitute parte.

Información Relacionada