2016/11/21

Ceit-IK4 zentroko Materialen Dibisioko ikertzaileek AIST Gilbert R. Speich Award saria irabazi dute hirugarrengoz, azken bost urteotan

 gilbert award

Eta ez da kasualitatez izan. Ceit-IK4 zentroko Materialen eta Fabrikazioaren dibisioa da zentroko handiena, eta bertako ikertzaileek egiten duten lan handiari esker arrakasta itzelak izan ditu. Horien artean azkena, AIST amerikarrak ematen duen AIST Gilbert R. Speich Award saria. Saria metalurgia fisikoko artikulurik onenari ematen zaio, eta aurten “Relevance of Time Between Last Deformation Pass and Accelerated Cooling on the Microstructural Refinement in Nb and Nb-Mo Microalloyed Steels” izena daraman artikuluari egotzi zaio. Pasa den urteko udazkenean Columbus-en (Ohio) burutu zen MS&T’15 Kongresuan aurkeztu zen. Honekin, beraz, azken bost urteotan hirugarrenez jaso du sari entzutetsu hau Ceit-IK4 zentroko ikertzaileen taldeak (2012, 2013 eta 2016).

70 herrialdetako 18.000 kidek osatzen duten AIST elkartearen aintzatespenak inpaktu handia du maila akademikoan nahiz industrialean, izan ere, elkarteko bazkide gehienak altzairuaren enpresa ekoizle eta manufaktura-enpresetakoak baitira. Artikuouaren egileetako bat den P.Urangak aitortzen duenez, “aintzatespen oro positiboa da ikerkuntza-lanei jarraipena eman ahal izateko. Duela 20 urte baino gehiago ekin genuen bidea egokia izan zela aditzera ematen du, eta industrian duen aplikagarritasuna erreala dela”. Modu horretan, aintzatespen honek industria-sektorearen ateak irekiko dizkiela uste dute taldeko kideek, “prozesu errealetan duen aplikagarritasuna frogatu baitugu”.

Egileek -Gorka Larzabal, Nerea Isasti, J.M. Rodriguez-Ibabe eta Pello Uranga- azken ijezketa eta hozte-uraren kontaktuaren artean iragandako denborak amaierako mikroegituran duen efektua aztertu dute saritutako artikuluan. Horregatik, egileen iritzian, iragandako denbora hori egoki kontrolatuz gero, amaierako propietateak hobetu daitezke eta prozesuaren egonkortasun handiagoa lortu. Behatu denez, Molibdenoa gehituz gero prozesuaren efektua minimizatu daiteke, amaierako mikroegiturari egonkortasun handiagoa emanez.

Ceit-IK4 zentroko Materialen eta Fabrikazioaren dibisioa 100 ikerlarik baino gehiagok osatzen dute eta horietatik 25ek altzairuaren ekoizpen eta egokitze prozesuaren ikerketa-esparruan dihardute lanean. Gaur egun 30 ikerketa-proiektu baino gehiago dituzte abian altzairuaren ekoizpen-lerroan, eta seguru asko ez da jasotzen duten azken aintzatespena izango.

Información Relacionada

Enlace