2016/09/29

Caparica-n burutu den biologia, biokimika, medikuntza eta ingeniaritzako adituen nazioarteko Splicing 2016 kongresuan izan da

 JuanP Premio web

Tecnun-Ceit zentroko Bioestatistika taldean doktoretza egiten ari den Juan Pablo Romerok saria jaso du oraintsu Caparica-n (Portugal) burutu den Spicing 2016 kongresuan, Angel Rubio irakasleak zuzentzen duen asaldura biologikoei buruzko ikerketagatik.

Wikipedian ageri den arabera, Splicing-a RNAren ebaketa eta lotura kotranskripzionaleko prozedura da, baina Juan Pablori azalpen gehiago eskatu dizkiogu: “Organismoetan hainbat asaldura eragiten dituen prozedura biologikoa dela dirudi, hau da, zenbait eritasun edo patologia garatu dezakeena”, kontzeptua apur bat gehiago argitu nahian.

Juan Pabloren hitzaldia EventPointer-ari buruzkoa izan zen: “departamentuan garatu dugun algoritmo bat da, microarrays eta RNASeq teknologiak erabilita neurgarriak diren Splicing alternatibo posible guztiak detektatzeko aukera eman diguna”. Diseinatutakoa gutxi ez, eta hauxe gehitu du “Excellent Shotgun Communication Award” sariaren irabazleak pozik: “gure algoritmoak analisi estatistikoa egiten du paziente osasuntsu eta gaixoak alderatzean ageri diren aldaketa-maila handienak erakusteko”.

Orain arte lortu diren aurrerakadak erkatzeko asmoz biologian, biokimikan, medikuntzan eta ingeniaritzan munduan diren aditu puntakoenek (Australia, AEB, Holanda, Ingalaterra, Espainia...) parte hartu zuten kongresuan. Eta programa zientifikoaren baitan, ikerlari juniorrek euren ikerketak Poster formatuan eta bost minutuko ahozko agerpenean aurkezteko aukera izan zuten.

Kongresuan izandako esperientziari buruz galdetzean, “diziplina anitzeko ikerketak geroz eta garrantzi handiagoa duela ikustea zirraragarria da” adierazi du. Halaber, beste parte-hartzaileekin izandako hartu-emanari buruz, “konklusio eta emaitzarik onenetara heltzeko, biologoek ematen dituzten datuak analizatzeko gaitasun nahikoa duten ingeniari eta bioinformatikari gutxiegi dagoela aipatzen dute askok. Eta hortxe ikusten dugu gure ikerketaren benetako aplikazioa”.

Zerikusia duen informazioa