2016/09/21

Elikagaien industriak ingurumenean eragiten duen inpaktua murriztu nahi du Ceit-IK4 zentroak

 mcuboWeb

Life MCUBO proiektuaren bitartez elikagaien industriak uretan eragiten duen ingurumen-inpaktua murriztu nahi da. Zehazki esateko, haragien, landare-kontserben eta zukuen industriak dira, elikagaien azpisektoreen artean, ekoizpena aurrera eraman ahal izateko ur gehien kontsumitzen dutenak.

Hala, Ceit zentroak Life MCUBO (Modeling, Monitoring and Improving Water Management and Environmental Impact on the Food Industry) proiektuan parte hartzen du, eta aipatu elikadura-industriako hiru azpisektoreetan uraren kontsumoak eragiten duen ingurumen-inpaktua murriztea da helburua. Horretarako, osoko kudeaketa-sistema integral baten frogapena egingo da hiru fabrika industrialetan.

Kostu baxuko haririk gabeko monitorizazio-teknologia berritzailea izango du sistemak, azpisektore bakoitzaren modelizazio zehatza egiteko. Hartara, hobekuntza-ekintzak planteatu eta martxan jarri ahal izango dira, eta enpresen etengabeko hobekuntza-prozesuetan uraren kudeaketa espezifikoki sartzea ahalbidetuko da.

Proiektuaren iraupena hiru urtekoa izango da, eta burutzen denean, lortu diren emaitzak elikagai-industriaren beste hainbat azpisektoretara bideratzea espero da, baita industria horrekin lotuta dauden beste sektoreetara ere. Ekoizpen-eredu iraunkorragoa eta ingurumenarekiko errespetu handiagokoa lortzen lagundu nahi da, enpresen lehiakortasunean kalterik eragin gabe.

Tecnun-ek koordinatzen duen proiektu honetako bazkideak, Ceit-IK4 zentroaz beste, AIN eta CTIC-CITA dira. Europar Batasuneko Life programak diruz laguntzen du, eta proiektua burutzeko funtsak, guztira, 525.000 €-koak dira.

Zerikusia duen informazioa