2016/04/05

Laguntzaile bat da, ebakuntza zailetan eraginkortasun handiagoa lortzeko

 MaxilarisWeb

Makina gizakia baino seguruagoa al da? Oraingoz, gizakia eta makina elkarren osagarri ezin hobeak dira, orain arte imajinatu ere ezin zitezkeen aurrerapenak lortzeko. Maxilaris proiektuan beso robotiko bat garatu da, eta zirujauari laguntzen dio ebakiak egiten zehaztasun handia behar duten aurpegiko ebakuntzetan. Horrela, zirujaua seguruago sentiarazten, ergonomia handiagoa izaten eta ebakuntza arrakastatsua izaten laguntzen da.

Beso robotikoa kamera batzuek gidatzen dute, eta zirujauari laguntzen diote jardun beharreko puntu zehatza aurkitzen. Aldez aurretik, medikuak, bulegoan ordenagailuaren aurrean eserita, software batean sartzen ditu landu nahi dituen aurpegiko zatiak. Ebakuntza-gelan dagoenean, robotak hirugarren beso gisa jarduten du zirujauarentzat, eta azken horri adierazten dio non jardun behar duen, nahiz eta gizakia den oraindik ere ebakuntza gauzatzen duena eta azken hitza duena. Nolanahi ere, robotak ezin dute ebakuntza osoa egin, ez zailtasun teknikoengatik, lege-zailtasunengatik baizik. Egin ahal izango al da ebakuntza bat gizakiak esku hartu gabe? Emilio Sanchezek, proiektuaren zuzendariak, argi dauka: "Etorkizun ez urrun batean, bai". Ikertzaileak adierazi du horretarako arazo handienak gai etikoetatik datozela, eta ez teknikoetatik.

Bestalde, medikuen lana errazteaz gainera, robotak aukera ematen du ebakuntza garbiagoa izateko; izan ere, irekiera-eremua murrizten du, eta zirujauak jasan beharreko erradiazio kantitatea mugatzen du.

Ceit-IK4 zentroak eta Egile taldeak parte hartzen dute prototipo honetan. Bi enpresak elkarrekin lanean hasi ziren ELCANO proiektuan. Lan horretan, bizkarrezurreko ebakuntzetan laguntzeko sistema robotiko berbera garatu zuten. Orain, Maxilaris proiektuaren xedea da garatutako prototipoa hobetzea eta roboten laguntza ebakuntza mota orotarako erabilgarria izan daitekeela frogatzea, kasu honetan aurpegiko ebakuntzetan.

Ceit-IK4 zentroaz gain, proiektuan DMP, Vicomtec, EIS eta CUN erakundeek ere parte hartzen dute. "Erronkak 2015" programaren baitan dago eta aurreikusten da 2018. urterako amaituko dela.

Diru-laguntza:

Ministerio Economia y Competitividad logo

Zerikusia duen informazioa

Esteka