2016/03/09

Donostiako enpresa honi urteko StartUp onenaren saria eman zaio Global Excellence Awards 2016 sarietan

 EnigmediaWeb

"Info Security Products Guide" gidak urtero aitortzen ditu informatika segurtasunaren industriako enpresa onenak. 12. edizioan, StartUp onenaren saria Enigmedia enpresarentzat izan da. Enpresa hori Donostian sortu zen eta berriki, San Frantziskoko RSA Conference biltzarrean parte hartu du. Zehazki, Kaliforniako hiri horretan banatu dira Global Excellence Awards 2016 sariak. Hain zuzen, sari horiek segurtasunaren industriako alderdi guztiak aitortzen dituzte, produktuak nahiz enpresaren arloko eta arlo pertsonaleko arrakastak, esaterako.

Enigmedia 2011n sortu zen Gerard Vidal doktorearen eskutik; Vidalek, Tecnun eta Ceit-IK4 zentroetatik igaro ondoren, doktoregoa egin zuen Nafarroako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko Fisika Sailean. Enigmedia enpresaren jarduera nagusia da informazioa denbora errealean zifratzea, eta horri esker, bideokonferentzia eraginkorragoak lortzen dituzte.

Gaur egun, Pedro Crespo doktoreak, Tecnun zentroko irakasleak eta Ceit-IK4 zentroko zuzendariordeak, Enigmedia enpresaren Batzorde Zientifikoan parte hartzen du. "Sortzaileak informazioan enkriptatzearen arloan izan duen ideia originalari eta bikainari zor zaio arrakasta. Ideia horretara iristeko eta azkenean, garatzeko, Gerardek komunikazioetan Informazioaren Teoria eta fisikan Kaosaren Teoria bezalako espezialitate hain desberdinetan eskuratutako ezagutzak aprobetxatzen jakin du" adierazi du Crespok. Hain zuzen, sari oso garrantzitsua izan arren, beste aitorpen baten gisa ikusten du: "Sari honek StartUp honen maila teknologiko altua berretsi baino ez du egiten eta sortu zenetik lortu dituen beste hainbat aitorpeni gehitu behar zaio".