2015/12/14

Daniel Pardori elkarrizketa, Farsens-en CEO ‒CEIT-IK4ren 'spin-offa´‒ eta MITek 2015eko 10 berritzaileen artean aukeratua

 IMG 4713

2008an, CEIT-IK4ko ikertzaileetako batzuek Farsens 'spin-offa' eratu zuten, Daniel Pardo buru zutela. Euskal teknologia gunearen ekimen batek irrati-frekuentzia bidezko identifikaziorako teknologia (RFID) hobetzeko eta teknologia hori funtzio gehiago bete ditzaketen sentsoreak elikatzeko baliatzea zuen helburu, eta enpresa honek ideia hori hartu zuen abiaburu.

Zazpi urte geroago, enpresak egindako lana aitortu dute lortutako hainbat arrakastak. MIT Technology Review-ek 2015eko 35 urtez azpiko herrialdeko 10 Berritzaile Onenen artean aukeratu du Pardo, haren enpresa ekimenek premia handienak dituztenen bizitza hobetu dezaketelakoan. Berriki, azterlan bat argitaratu du, Harvard, Washington eta Dukeko unibertsitateetako hainbat ikertzailerekin elkarlanean, bere sentsoreak dronetan eta UHF RFID irakurgailuak dituzten robotetan txertatuta erabiltzeko. Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Expansión egunkariak 50 ideia digital onenen artean saritu du Farsens.

Galdera: Lehenik eta behin, zorionak sariagatik. Pozik zaude?

Daniel Pardo: Bai, egia esan, oso pozik. Horrelako albisteak ez baitira egunero jasotzen!

Espainiako 10 gazte berritzaile onenen artean aukeratu zaituzte. Zer sentitu duzu hori jakitean?

DP: Ez dakit errealitatearen ispilu leiala den; izan ere, Farsens-eko taldekide bikainak dira egiazko berritzaileak, nahiz eta saria niri eman. Benetan harro nago egundoko taldea daukagulako!

Nola altxatzen da enpresa bat gaur egun, eta gainera, ondo?

DP: Ez dugu buruan izan arrakastaren errezeta. Zazpi urte daramatzagu lanean, eta talde bikaina izatea da arrakastarako errezeta bakarra. Dena den, ez zaigu iruditzen ezer bururatu dugunik; aitzitik, oraindik ere bide luzea dugu egiteko, baina lehenengo egunean geneukan ilusio berberarekin jarraitzen dugu.

Zer behar da hori egiteko? Jarraikitasuna, zortea, lana, prestakuntza?

DP: Batez ere, arestian esan dudan bezala, talde on bat. Eta horren atzetik, zugan sinesten duten eta babesa emango dizuten bazkide batzuk, ibilbide luze honetan bidaide izango dituzunak. Guretzat horixe izan da giltzarria. Hortik aurrera, zeinahi proiektuk behar izaten duena: jarraikitasuna, ilusioa, handinahia... eta baita zorte pixka bat ere!

Zer esango zenieke era honetako enpresa abentura batean murgiltzekotan dauden ikasle eta ekintzaileei?

DP: Ez dezatela aurrera egiteko beldurrik izan, baina ez dezatela pentsa guztia dela arrosa kolorekoa. Badirudi, gaur egun, ekintzailetzarekin zerikusia duen guztia zoragarria dela, baina errealitatea bestelakoa da; batzuetan, gainera, oso gogorra. Guk behintzat, guztia bizi dugu indar handiz: nola gauza onak, hala txarrak. Ni oso pozik nago horrekin, baina baliteke jende guztiak ez pentsatzea gauza bera.

Zein izan dira hona iristeko erronkak eta zailtasunak?

DP: Gure erronka mundu mailan teknologia disruptibo batekin lehian aritzea da oraindik ere. Horretarako, hainbat zailtasun gainditu behar izan ditugu; hala nola finantzaketa gabezia, salmenta prozesuko esperientzia gabezia, lehiakideen aurrean ospea lortu beharra, etab.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

DP: Itxaropentsua eta ikuspegi onekin, nahiz eta seguru asko, zaila eta oso lehiakorra ere izango den.

Zer-nolakoa da gaur egungo egoera, nola Espainian, hala atzerrian, espainiar enpresentzat?

DP: Uste dut ez dudala gaitasunik hain erantzun orokorra emateko, baina nire ikuspuntutik, gutxienez mugitzen garen sektoreari dagokionez, atzerriko enpresak oso irekiak eta harkorrak dira teknologia berriei begira; esaterako, Farsens-ek eskaintzen dituenak. Zorionez, sumatzen ari gara nola ari den hori aldatzen pixkana. Orain, Espainian, geroz eta interes handiagoa eta beldur gutxiago dagoela ikusten ari gara. Ez dakit egoera ekonomikoak hobera egin duelako ote den, ala beste arrazoi batzuk ote dauden tartean, baina hori da guk hautemandakoa.

Nola bateratzen dituzu zure lanbidea eta bizitza pertsonala?

DP: Ahal dudan neurrian bateratzen ahalegintzen naiz, nahiz eta ez den beti erraza izaten lana burutik kentzea.