2015/12/09

Hainbat hobekuntzaren bitartez, sistema merkeagoa eta energetikoki eraginkorragoa lortu nahi dute.

 IMG 4999

Ceit-Ik4ren baitan ikerlanek ez dute etenik. Mekanika Aplikatua Saileko ikertzaileak EBSF_2 (European Bus System of the Future 2) proiektuan hasi dira lanean. Proiektu horren helburua da, hain zuzen, Europako garraio publikoa hobetzea, hiri autobusetan teknologia berriak erabiliz. Lanak Europako hamaika hiritan egingo dira; hain justu, Madril, Bartzelona, Donostia, Paris, Londres, Helsinki, Dresden, Ravenna, Gotenburgo, Stuttgart eta Lyonen.

CEIT-IK4ko ikertzaile Angel Suescunek gidatuko du Donostian garatuko den proiektuaren zatia; zehazki, DBUSen (Donostiako hiri autobus zerbitzua kudeatzeaz arduratzen den enpresa) eta IRIZAR, DATIK eta DIGIMOBEE enpresen laguntzarekin. Donostiako lan pilotuan, hiru berrikuntza teknologikok dakartzaten onurak aztertuko dira. Hauek dira berrikuntzak horiek: gidariarentzako laguntza, gidatzeko modu ekologikoagoa izan dezaten; flotaren mantentze lanetarako laguntza; eta etorkizuneko ibilgailuen barnealdeko diseinua.

Hobekuntza horien helburu nagusia, hain zuzen, energetikoki eraginkorragoa den hiri autobus sistema edukitzea da, eta erakustea berrikuntza horiek zerbitzuaren kostuetan dirua aurreztea ere badakartela. Aldi berean, erabiltzaileari zerbitzu hobea eskaintzea ere izango da xedea.

Proiektuaren buru Garraio Publikoen Nazioarteko Batasuna dugu, eta 11 milioi euroko aurrekontua izango du, Europako Batzordeak Horizon 2020 programaren bitartez finantzatutakoa. Ikerketa lanak 36 hilabeteko iraupena izango du, eta 42 erakundek parte hartuko dute: 4 autobus ekoizlek, osagaien 11 hornitzailek, garraio publikoaren 4 agintaritzak, garraio publikoaren 6 operadorek, 7 unibertsitate zein ikergunek, 7 aholkularitza etxek eta 5 erakunde publikok.

Zerikusia duen informazioa