2015/11/24

SEIBk bioingeniaritzako ikerketa onenaren saria eman dio CEIT-IK4ko doktoregai Oihane Mitxelenari.

 OihaneMitxelena

Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkarteak 2015eko ikerlan onenaren saria eman dio Oihane Mitxelenari, azaroaren 4an, 5ean eta 6an Madrilen egindako Bioingeniaritzako Urteko Kongresuaren 33. edizioan aurkeztutako lanaren harira.

Mitxelenaren (1991) ikerketa, Nafarroako Unibertsitate Klinikoaren eta Farmazia Fakultatearen Farmazia eta Farmazia Teknologia sailaren lankidetzaz egindakoa, Ingeniaritza Biomedikoko Zentroaren (CBIO) proiektu baten testuinguruan kokatzen da, eta Sergio Arana eta Maite Mujika ingeniarien zuzendaritzapean egiten ari den doktore tesiaren zati bat da.

Lanaren izenburua “Simulación y desarrollo de una plataforma microfluídica para estudios celulares dinámicos in vitro“ da, eta Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak ere saritu zuen 2014ean. Lanaren xedea, bestalde, mikrojariakinen plataforma bat garatzea da in vitro entseguetarako, haurren osteosarkomaren aurkako nanomedikamenduen eraginkortasuna frogatzeko.

Mitxelenak Ingeniaritza Biomedikoaren gradua lortu zuen TECNUNen, eta gaur egun doktoregoko ikasketak ari da egiten CEIT-IK4ko teknologia zentroko Mikrosistemak eta Mikroelektronika sailean. Ikerketaren kalitatea eta master eta doktoregoko ikasleek egindako aurkezpenak aintzat hartuta, Kongresuaren Batzorde Zientifikoak emandako puntuaziorik onena lortu zuen Mitxelenaren lanak.

Gazte gipuzkoarrak University College London-en aitortza ere jaso zuen joan den otsailean, master ikasketak egiten ari zen bitartean; orduko hartan, Karrera Amaierako Proiektu onenaren saria eman zioten, medikamentuak tumoreek kaltetutako guneetara eramateko gai ziren mikroburbuilak garatzeko egindako ikerketarengatik.