2015/11/04

CEIT-Ik4 zentroa buru duen Europako proiektua da, eta zuntz optikoa erabili ezin den puntuetan abiadura handiko sare bat erabiltzeko aukera bermatuko du.

 moviles Web

CEIT-Ik4 zentroko Elektronika eta Komunikazioak arloko ingeniariek teknologia berriei buruzko ICT 2015 Conference ekitaldian parte hartuko dute, 5G sare mugikor berrian egindako aurrerapenak Europako komunitate zientifikoari erakusteko.

Zehazki, euskal zentro teknologikoko ikertzaileak Lisboan (Portugal) urriaren 20tik 22ra egingo den topaketara joango dira E3Network Europako proiektuan lortutako garapenak azaltzeko. Proiektu hori zazpigarren Esparru Programaren baitakoa da, 10 Gbps-ko gaitasuna duen komunikazio mugikorretarako haririk gabeko lotura berriari buruzkoa, eta mugikorretatik Internet erabiltzea ahalbidetuko du 100 Mbps-ko abiaduran.

Haririk gabeko lotura horrek abiadura handiko sarea erabiltzeko aukera bermatuko du zuntz optikoa erabili ezin den guneetan. Horretarako, haririk gabeko seinaleak baliatuko dira kostu oso baxuko uhin milimetriko bidez, egun operatzaileek erabiltzen duten itzulera sarean (backhaul) abian jartzeko, eta E-Band (71-76 GHz eta 81-86 GHz) frekuentzian funtzionatuko du.

Igone Vélez proiektuaren zuzendariaren arabera, «modu berriak probatzen ari gara Internetera edonor konektatu ahal izateko edozein puntutatik eta abiadura handian». CEIT-IK4 zentroko Elektronika eta Komunikazioak arloko ikertzaileak adierazi du sistema berri horrek «dimentsio berri bat ekarriko die telekomunikazioei, telefono mugikorrak modu askoz orokorragoan erabiltzea lortuko baitu, baita landa eremuetan ere».