2015/09/18

Ceit-IK4 zentro teknologikoko ingeniariek etxeko hardware bat garatu dute, elektrokardiogramen 12 deribazioak irakurtzeko gai dena.GoCardioPlay

Elektronika eta Komunikazioak Arloko ikertzaileek GoCardio sistema jaulkitzeko azken lanak egiten ari dira. Sistema horrek gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsonei aukera emango die errehabilitazio kontrolatua eta erosoa egiteko etxean.

Lan hori beste erakunde batzuekin lankidetzan egiten ari diren proiektu baten baitan dago, honako hauekin, besteak beste: Vicomtech-IK4 eta Biodonostia ikerketa zentroak, Bilbomática enpresa eta Ceit-IK4 zentroaren spin-offak (STT Systems eta Incide).

Sistema berritzaile hau zehazki diseinatuta dago aurrekari kardiobaskularrak dituzten pertsonak errehabilitatzeko, hala nola infartua, sindrome koronario akutua eta abar dituzten pertsonak. Hain zuzen, hurrengo 25 urteetan gaixotasun horri aurrea hartzetik eta hura tratatzetik eratorritako kostua 47 bilioi dolarrekoa izango dela aurreikusten da.

Zehazki, Ceit-IK4 zentroko ingeniariek hardware mugikor bat garatu dute, bihotzaren mugimenduak erregistratzen dituen elektrokardiograma baten 12 deribazioak erregistratzeko gai dena; horrekin batera, Android aplikazio batek datuak bidaltzen ditu zerbitzarira, erabiltzaileak egin beharreko jarduera fisikoa zehazte aldera.

Funtzionatzeko modua

Erraz erabiltzen da, eta interesdunak zenbait sentsore dituen kamiseta bat jantzi behar du soilik. Sentsore horiek pazientearen jarduera monitorizatzen dute, baita gastu energetikoa ere, leheneratze ariketak egin bitartean. Horrez gainera, cloud plataforma bat garatu da; hain justu ere, hainbat pazienteren datuak paraleloki biltegiratzeko aukera ematen du, eta datu horiek prozesatzeko eta ikusteko tresna aurreratuak eskaintzen ditu, talde medikoen jarraipen lanak errazteko.

Sistema berri horrekin, errehabilitazioan monitorizazioa hobetzeaz gainera, paziente bakoitzaren tratamenduarekin lotutako osasun kostuak murrizten dira.

Arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonek ospitalean egin behar dute errehabilitazioa; horren ondorioz, astean hirutan ospitalera joan behar dute, eta ondoren, tratamenduarekin etxean jarraitu, medikuen gainbegiraturik gabe. Zoritxarrez, paziente horien ehuneko handi bat ez da joaten ospitaleko errehabilitazio saioetara, eta ez dituzte medikuen gomendioak jarraitzen etxean, garatzen ari diren jarduera eta jarduera egiteko modua neurtzeko zailtasuna dela eta. Sistema berri horrek, hain zuzen, datu txar horiek murriztea du xede, sistema erosoa eta eskuragarria delako.

Zerikusia duen informazioa